Nekane LIBRE! ekimenak gaur aurkeztutako kanpaina

Kartela Nekane Ona-1

 Nekane LIBRE!

Tortura sexistarik ez!

Nekane Txapartegi atxilotu zuen Zurichen Suitzako Poliziak pasaden apirilaren 6an, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan, ETAko kidea delakoan.
Alta, Txapartegiren jardun politikoa publikoa izan da ezkerreko mugimendu sozialetan. Kasu,
Asteasun (Gipuzkoa) HBko zinegotzi hautatu zuten Txapartegi 1995ean eta 1999an. 1999ko martxoan atxilotu zuten eta torturatu egin zutela salatu zuen: elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten, eta sexu jazarpena pairatu zuen, eta hori gutxi balitz lau poliziek bortxatu egin zuten. 18/98 sumarioan epaitu zuten ondoren, Xaki atalean. 2006an egindako epaiketan Torturak pairatu zituela deklaratu zuen Audientzia Nazionalean1. Auzi harengatik, sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten 2007ko abenduan, Xakiko kide izatea egotzita. Geroztik estatu espainiarretik alde egin behar izan zuen, berriro atxilotua eta torturatua izatetik ihesi. Orduz geroztik, Suitzan bizi izan da bere alabarekin, atxilotu duten arte. 2012an euroagindu bat igorri zuen Auzitegi Nazionalak Txapartegi atxilotu eta estraditatzeko.

Kasu honek erpin asko ditu. Nekane LIBRE! Herri ekimena abian jarri da, eta ekimen honi atxikituz, Eleak/Libre eta Tortura sexistarik ez! dinamikatik bi azpimarratu nahi ditugu: oinarrizko eskubide zibilen urraketa eta tortura sexistei dagozkienak.

Estatu espainolak, egituraz eskubide zibil eta politikoen, disidentzia politikorako eskubidearen urratzailea den arkitektura oso bat du eraikia. Eraiki horren atal batzuk zuzenean frankismotik datoz. Terrorismo delitua egotzita atxilotuak diren pertsonak inkomunikatuta izateko aukera edo Nekane bera epaitu zuen Auzitegi Nazionala kasu, diktaduraren Tribunal de Orden Publiko zenaren oinordeko zuzena dena. Beste batzuk hurrengo hamarkadetan garatu ziren, formalki sistema politiko demokratikoan jada. Hala nola, zigor kodeko 571-580 arteko zenbait artikulu edo Alderdien Legea. Euskal Herrian ez ezik Nazio Batuetatik salatu dira legedi hauen izaera:

(…) terrorismo delituei buruzko espainiar Zigor Kodeko hainbat xedapenen lausotasunak “malda irristakor” batean behera erortzeko arriskua dakar berarekin, hau da, herritarren kontrako indarkeriazko ekintza larriak burutzearekin zerikusirik ez duten portaerak barneratzen dituen terrorismo kontzeptuaren pixkanakako zabalpena. Aspektu hori bereziki kezkagarria suertatzen da delitu bat terrorismotzat jotzen denean martxan jartzen diren neurrien argitan:inkomunikatutako atxiloketa; Auzitegi Nazionalaren eskumen esklusiboa; terrorismo susmagarriak lau urteko behin-behineko kartzelaldian mantentzeko aukera; zigorren larriagotzea eta beste askotan baita zigorren betetzeari buruzko arauen moldaketa ere.2 Irakurtzen jarraitu

MOZAL LEGEA, DISIDENTZIA INDARGABETZEKO TRESNA

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak proposatutako Herritarren Segurtasunerako Lege berria erabat antidemokratikoa eta ad hoc” mugimendu sozialen aurkakoa da. Barne Ministroaren arabera, lege horren bidez herritarren eskubide zibilak eta askatasun publikoak hobeki defendatuko dira eta pertsonen segurtasuna ere modu egokiagoan bete ahalko da. Gainera, legez kanpoko, indarkeriazko zein izaera bandalikoa duten ekintzak galaraziko dira.

Labur esanda, disidentziarako eta desobedientzia zibilerako bide oro indargabetu nahi dute. Lege berriak adierazpen askatasuna zigortzen du, eta ustezko delituen interpretazioa eta sailkapena poliziaren esku uzten ditu guztiz.

Ondorioz, bistan denez, jendarte eredu are injustuago bat inposatzeko tresna berri bat besterik ez da. Bi hitzetan esan dezakegu: onartu berri den Legea oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urraketa handituko du, eta poliziari are botere, eskumen eta zigorgabetasun handiagoa emango dizkio. Hau da, disidentzia ororen aurkako arma hedakor eta gogor bat da, betiere gure jarrera, borroka moldeak eta asmo dugun eredu sozialaren eraikuntza mugatzeko diseinatutakoa.

Hemen egin dugun txostena:

HSL (Herritarren Segurtasunerako Legea)

LSC (Ley de Seguridad Ciudadana)

#AbokatuakLIBRE (prentsa oharra)

Eleak-ek, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, gogor salatu nahi ditu gaur, hilak 12, goizaldean Guardia Zibilak egindako atxiloketak. Orain arte dakigunez, hamabi abokatu eta beste lau euskal herritar atxilotu dituzte, eta talde terroristako kide izatea eta Ogasunaren kontrako delituak egozten dizkiete. Atxilotutako abokatuetako hiru Madrilen egon behar zuten, gaur hasiko den ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketako defentsako kide baitira. Nekatuta gaude euskal herritarron borondateari eta konponbide nahiari Espainiako Gobernuak behin eta berriz ematen dion erantzunarekin. Nekatuta gaude ehiza zentzugabe eta giza eskubide oinarrizkoenen eraso atergabearekin. Nekatuta gaude herri honek urratsak eman eta entzungor egiten tematzen direnekin.

Nekatuta gaude, bai, baina ez da neke geldiarazlea, ez suntsitzailea. Alderantziz, egunez egun indar handiagoa eta erabakitasun irmoagoa dugu, baita gaur ere, bidean aurrera egiteko eta giza eskubide guztien defentsan lanean segitzeko. Herri honek argi adierazi duelako, bat eginda ez delako geldiaraziko gaituen Gobernu, polizia, epaile edo nekerik. Herritarrok gure bideari ekin diogulako eta ez dagoelako atzera bueltarik. Konpromisoak hartzeko garaia da, ez dago zalantzarako tarterik. Bakearen eta eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraitzea da gaurkoa bezalako erasoei erantzuteko modurik efikazena.

Abokatuak eta beste atxilotuak LIBRE!

35ak LIBRE!

ELEAK Mugimendua